XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizioak asetzeak poltsa astuna eskatzen dik halabeharrez.

Lanen irabaziek ez ninditean nahikoa dirurik ematen nire parranda-egarriak betetzeko.

Ordu txikitan kale ilunetan zebiltzan mozkorrei sakelaren pisua arinduz hasi ninduan. Etxeetako leihoak bortxatuta andereen bitxi eta harribitxiak komodetatik lapurtuz jarraitu ninduan.

Kasik konturatzeke, gaiztakeriaren zurrunbiloan harrapaturik gelditu ninduan.

Ez pentsa damutzen nintzenik, hantuts nenbilen ordea. Giro horretan, nire galmendia izango zen Jauregi sasizirujauaren ezagutu nian. Honen antzeko taberna-zulo zikin eta ilun batean topatu ninduan.

Haren misterio-zantzuak erakarri ninditean eta epe motz batera haren laguntzaile, jopu egia esan, bihurtu ninduan.

Hark enkargatutako lan zikinak egiten nizkian. Jauregi erdi-kimikari eta erdi-alkimista huen. Eta askoren antzean, harri filosofalaren bila zebilean sasikume hura.

Faustoren moduan betirako bizia jadetsi nahi zian. Infernuko deabruek jan dezaten urdakume hura!... ardo trago bat jo zuen Jauregi, Elhuyar anaiekin ibili omen huen Bergarako Mintegiko laborategian wolframioa isolatu zeneko garai hartan...

Elhuyar anaiekin? Burutik zeharo egidan zegoen. Muturra okertu nuen.

- Ken ezak babu-aurpegi hori! Ez zaidak adarrik falta! Bai, duela berrehun urte gertatu huen.

Sekulako itogina zeukan elementuak.

Hala ere, kasu egingo nion, istorioa entretenigarria izan zitekeen eta.

- Bergaran ikasi omen zian hark kimikaz zekien guztia. Alkimiaren iturria aitzitik, liburu zahar hautsez betetakoetan mamitu zian. Han zizkian Paracelsus, Nostredamus, Sendivogiuseta beste zenbaitzuen liburuak.

Baina, Bibliatzat Al-Ahamed alkimista arabiarraren Betirako Bizia edo Paradisuaren Ateak izeneko tratatua zian.